Elorrioren kokapena

Elorrio Bizkaiko sortaldean dago eta 37,40 km2-ko azalera du eta Araba eta Gipuzkoarekin muga egiten du. Iparraldean, Berriz eta Zaldibar (Bizkaia) ditu; hegoaldean, Arrasate (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba);  sortaldean: Elgeta eta Bergara (Gipuzkoa) eta sartaldean Atxondo eta Abadiño (Bizkaia).

Elorrio mendiz inguraturik dago: Intxorta(797 m.), Udalatx (1092m.), Memaia (669 m.), Amitar, Santa Mañazar (679 m.) eta Erdella (660 m.). Udalaitz barrenean sortzen den Zumelegi erreka nagusiena da, eta Elorrio zeharkatzen du Atxondon Arrazola errekarekin bat egiteko. Badira beste errekatxo batzuk ere: Intxorta, Larrarte, Mendraka,...

Klima Bizkaia osoan egiten duenaren oso antzekoa da: leuna eta hezea.

Bere hirigune historikoarengatik oso ezaguna bada ere, auzoak ere aipatzekoak dira:  Aidazua, Aldape, Aramiño, Arauneta,  Berrio, Berriozabaleta, Gazeta, Gaztañeta, Iguria, Leiz, Lekeriketa, Mendraka, Miñota, San Agustin eta Zenita.

Elorriotik 10 kilometro daude Durangora, 12 Arrasatera, 14 Bergarara, 15 Eibarrera, 6 Elgetara eta 7 Berrizera. Autobusak ordutik ordura daude Bilbotik, eta ordu erdiro Durangotik. Gertuen dagoen hiriburua Bilbo da, 39km-tara; Gasteizera 46 daude, Donostiara 92, Baionara 140 eta Iruñera 141.

2011n Elorrioko Udalaren erroldaren arabera, 7.262 bizilagun dago herrian, gehienak herrigunean.

  • Elorrio, amodio kanta
  • Euskadi, goza ezazu
  • Bizkaia turismo