Albisteak

Hitzaldien kartela 

Egoera ekonomikoa eta horren aurreko alternatibak izango dira berbagai Kainaberako hitzaldi zikloan
 
Krisian zergatik gauden, eredu ekonomikoak alternatibarik ba ote duen eta hartu-emanen balioak lantzeko denboraren bankua zer den azalduko da berbaldiotan.
 
Azken urteotan legez, maiatzagaz batera Elorrioko Kainabera gobernuz kanpoko erakundeak hitzaldi ziklo bat eskainiko du.

Aurtengoan, krisi ekonomiko globalaren aurrean azalpen argiak eta kritikoak emango dizkiguten hizlariak gonbidatu gura izan ditugu. Gaur egungo egoera hobeto ulertu eta aurrerantzean zer eredutara jo dezakegun azalduko digute.

Ideia, urtero legez, hizlariari entzun eta gero herritarren artean hausnarketa eta eztabaida tarte bat zabaltzea da.
 
Maiatzaren 24an izango da lehen berbaldia, eta hurrengo bi eguenetan hurrengoak; maiatzaren 31n eta ekainaren 7an. Iturri kultur etxeko areto nagusian izango dira hiru hitzaldiak.
 
Hona hemen hitzaldien xehetasunak:
 
Maiatzaren 24an, 19:30ean “Zergatik gaude krisian?”

Patxi Zabalo EHUko irakasle eta Hegoako kideak modu ulerterraz baten azalduko du egungo egoerara zelan heldu garen. Zer antzekotasun dauka 1929ko krisiagaz? Zer eragin izatera heldu daiteke?

Maiatzaren 31n, 19:30ean “Desazkundea: Bizitza maila vs kontsumo maila?” Pedro Ugarte Desazkundea mugimenduko kidea etorriko da pentsamendu honen inguruan berba egitera.

Ekonomiaren osasuna hazkunde ekonomikoagaz lotzen da gurean.  Baina gure planetaren baliabideak ez dira amaiezinak. ‘Bizitza kalitatea’ ‘kontsumo maila’gaz nahasten dugula dio Desazkunea mugimenduak. Alternatibak behar direla eta ekonomia jasangarriago bat proposatzen du.

Ekainaren 7an, 19:30ean “Denboraren Bankua: hartu-emanak krisian?”

Hainbat herritan ipini dute martxan herritarren gaitasunak eta trebeziak trukatzeko Denboraren Bankua. Esperientzia horren berri emateko gonbidatu ditugu gurera.

Euren bizipenak ikusita, Elorrion horrelako ekimenen bat egiteko aukerarik dagoen eztabaidatu gura dugu berbaldia entzun eta gero.

Egitaraua ikusi (PDF, 311KB)