Historia

 

Auzoak eta kofradiak

Durangaldeko biztanleak eskualdeko hainbat lekutan bizi ziren VII-IX. mendeen artean. Jose Angel Garcia de Cortazar historialariak garai hartan Bizkaian 8000 lagun bizi zirela dio bere ikerketetan. Bestetik, Iñaki Garcia Caminoren kalkuluen arabera, giza multzo bat zegoen 6 km2-ko.

Sasoi hartako etxebizitzen hasierako egitura gaur egungo baserriaren aurrekaria izan zen. Euskaraz, “baserri” hitzak argi adierazten du etxe-mota horren jatorria.

Hasierako garaian, Europa osoan legez, etxebizitzak txabola borobilak ziren; zorua inguruko lurraren maila baino beherago zeuden eta eserleku luzea zeukaten inguruan. Hormak zutoinen bitartez eusten ziren eta adarrez osatutako egitura zeukaten (“hesia”), ziurrenik lupetzez estalia. Teilatua belar sikuz edo antzerako zerbaitez egiten zuten. Bizileku zen txabolaren inguruan beste txabola batzuk eraikitzen zituzten, abereak sartzeko, arnaga moduan erabiltzeko eta abar. Hala, familia bakar batek eta hurbileko senideek osatutako bizigunea osatzen zuten.

Aipatutako garai horretan gune handi bi zeuden Durangaldean, bakoitza eliza baten inguruan sortua: Abadiñokoa eta San Agustin Etxebarrikoa.

Gune nagusi bi horien aurrean, baserriak batzen hasi ziren familia bakarrak egin ezin zituen lanak eta ekimenak elkarrekin egiteko. Mende haietan (VII-IX) Durangaldea kristautzen ari zen eta elementu berri bat agertu zen: baseliza.

Hasierako auzune haietako baselizek, erlijio-funtzioaz gainera, bazituzten bestelako erabilerak ere; adibidez, hantxe egiten zituzten auzotarren batzarrak arazoak eta edonolako gai zibilak eztabaidatzeko. Ondorioz, komunitatearen erdigune erlijioso eta zibilak kofradia izena hartu zuen (frade: anaia).

Kofradiak lurraldearen lehenengo egituratze-maila antolatzen zuen. Bertan gauzatzen ziren gizarteko oinarrizko hartu-emanak, bertan zehazten ziren herritarren eskubideak eta betebeharrak eta bertan antolatzen zen elkarren arteko laguntza edo auzolana.

Kofradia herri-lurren jabea zen eta berak administratzen zuen lurron ustiaketa (herri-lurrak naturgunearen gehiengoa ziren). Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodu hartan, bizi ahal izateko behar ziren elementu asko eta asko ematen zituzten herri-lurrek: eraikuntzarako egurra, abereentzako ira, hainbat elikagai nahiko funtsezko (gaztainak adibidez) eta abar.

Garai hartan Elorrion 3 kofradia zeuden: Miota, Argiñeta eta Gazeta.

Gaur egun sufragio unibertsal nagusi den arren, hau da, boto bat pertsona bakoitzeko, kofradian botoa baserriari zegokion, eta baserri bakoitzak boto bat ematen zuen, bertan bizi zen pertsona-kopurua gorabehera. Kofradiako batzarretara joateko eta bozkatzeko eskubideak etxagunari (etxeko jaunari) zegozkion.

Hasierako giza multzo haietan (gehienetan mendialdean kokatuak) mila urtetik gora bizi izan da jendea, eta gaur egun ere, hala gertatzen da.

Kofradiako bizilagunek bakarka egin ezin zituzten lanei aurre egin behar izaten zieten; garai gorabeheratsuetan, lurraldeko jauntxo baino “jaun eta jabe” izan nahi zutenengandik babestu behar izaten zuten. Egonkortasuna eta babesa lortzeko kofradiak elkartzen dira eta beste egitura bat sortzen da elkartze horren ondorioz, elizatea. Elorrion San Agustinetxebarria.

Kofradia, baina, ez zen desagertu, eta elizatearen barruan jarraitu zuen zenbait kontu jorratzeko bilgune politiko moduan, esate baterako, karguak aukeratzeko, zergak banatzeko edo kofradiaren mendiak eta elizatearen herri-lurrak ustiatzeko.

Antzinatik Kofradiak betetzen zituzten funtzioak beste erakunde publikoek, udalak batez ere, bereganatu dituzte. Hauek, XIX. mende hasieran elizateak ordezkatu zituzten, Foru erregimena jausi ondoren.

Gaur egun, Auzoa eta Kofradia hitzen esanahia nahasten da. Adibidez, “Ni Ozerimendi kofradiakoa naiz” esaten denean ez du esan nahi kofradiaren batzar eta ondasun eta betebeharretan parte hartzen duela, baina “kofradiako batzarra daukagu” esaten denean orduan bai esan nahi da: Kofradiako batzarrean parte hartzen duela baserri bat ordezkatzen, beste batzuekin batera.

Gaur egun, hauek dira Elorrioko auzoak: Aldape, Aidazu, Azkarreta , Angio, Aramiño, Araunas, Berrio, Berriozabaleta, Gaztañeta, Gazeta, Iguria, Leiz-Miñota, Lekeriketa, Mendraka, San Agustín eta Zenita.

Auzoak, arrazoi geografikoengatik edo lana antolatzeko gauzatzen dira, baina bi kofradi ezberdinen lurretan ezarri ahal dira. Horrela izanda, auzo berdinean baserri bat kofradia baten parte izan ahal da eta hurrengoa beste batena.

Gazetako Andra Marin, 1614ko bere lehenengo liburuan, baserriak errepasatzen baditugu, Gacetako ia guztiak, Aldape, Yguria, Anguio, Ascarraga eta gaur egun Urquiazaran izena dutenak aurkitzen ditugu. San Agustineko (Hechavarria) baten bat eta uriko edo kaleko izen batzuk ere agertzen dira: Urquiçu, Bazan, Gamarra, Yztegui….

Argiñetako San Adriango liburuan, 1794koa (aurrekoak galdu baitira), Zenita, Berrio, Gasteas, Medraca, Lequerica, Arauna eta uriko beste izen batzuk ere agertzen dira.

Edozein kofradian sartzeko aukera bazegoen ere, normalean aukeraketa antzinako lotura genealogikoen arabera egiten zen.

Miotako San Bartolome kofradiarik txikiena zen: Miota, Leaniz edo Leiz, Berriozabal, Arabio eta San Agustineko baserriak hartzen zituen.

Kofradien antolaketa eta iraunaldia, ondasun komunalen arabera egon da eta hauek , orokorrean, XIX. mendera arte iraun zuten.

XIX. mendean zehar, Bizkaiko hainbat herrietan ondasun komunal horiek, lehenengo udalekotu ziren eta gero partikularren esku gelditu ziren.

Kofradiak administratzen zituen ondasun komunalak batez ere, basoak ziren. Baso haiek etxeak, tresnak eta altzariak egiteko zura ematen zuten; etxe, karezko labe edo ikatz begetala egiteko erregaia ziren; ogia egiteko labeetarako adarrak ematen zituzten; abereen ohe edo ongarritzako ira ematen zuten; gaztainak edo ezkurrak ematen zituzten elikatzeko. Batzuetan Kofradiak karea egiteko bere lurreko harri erauztea arautzen zuen.

Ondasun komun guzti hauen gozamena auzoko guztiak hartzen zuten: bai jabeak, baita errentadoreak ere.

Kofradia osoko organoa Batzarra da eta antzinako “fogera” duten baserrien ordezkoen bilera da.

Fogerak jatorriko baserriak ziren, beste batzuetatik sortuta ez daudenak. Batzarra fogeretan oinarritzen da. Fogera bakoitzak boto bat du, nahiz eta baserri batzuk bi fogera izan eta beste batzuk erdia eta hauek elkartu behar izan botoa lortzeko.

Aurrerago, urteroko batzarrean kontuak onartzen ziren eta ondasun komunalen ustiapena zehazten zen: zuhaitzen landaketa, bideen eta ermitaren konponketa.

Batzarretik bi kargu ateratzen ziren:

  • Basazaina, urtero etxe ezberdin bati tokatzen zitzaion, aldez aurretik jakindako txanda baten arabera. Kofradiaren ondasunak administratzen zuen, zaintza ardurak bere gain hartuz. Salerosketa, permuta eta alokairuak egiteko ordezkapena eta ahalmena zituen eta kofradia eta partikularren arteko gatazketetan arduraduna zen.
  • Maiordomoa. Baselizaren administrazioa eta konponketak eramaten zituen.

  Gaur egun, kofradiek elkarte bezala funtzionatzen dute; kideak, auzo horren auzokoak, baselizaren inguruan elkartzen dira; urtean behin jai bat antolatzen dute hildako kofradeen aldeko meza batekin. Ez dituzte beraien ondasunak kontserbatzen eta bakarrik Maiordomoaren kargua mantentzen dute.

Elorrion jai hau Argiñetako San Adrian, Gazetako Andra Mari eta Miotako San Bartolome baselizetan ospatzen da.

GEREDIAGA ELKARTEA