Jaiak, azokak eta jaialdiak

Errebonbilloak 

Urriaren lehenengo domekan, Errebonbillo eguna ospatzen da Elorrion. Izen horrekin ezagutzen da urtero-urtero egiten den alardea.

Errebonbilloak elorriar gazteak dira; goizeko seietan egiten dute lehenengo itzulia herrian zehar, zenbait leku zehatzetan tiro eginez. Adin guztietako jendeak, gizon zein emakume, har dezake parte. Tiro egiteko lekuak ez dira aldatzen, alkatearen etxe aurrean botatzen dena salbu. Goizeko saioa amaiturik, arratsaldean beste itzuli bat egiten dute. Orduan, eguraldiak lagunduz gero, prozesioa egiten da Errosarioko Andra Mariren irudiarekin batera eta, eguzki nahiz euri, errebonbilloek dantza egiten dute herriko plazan.

Errebonbilloen jatorria eta historia hobeto ezagutzeko Gerediaga elkarteak argitaratutako Iñaki Irigoien Etxebarriaren "Errebonbilloak" liburuko pasarte batzuk aurkezten dikizugu jarraian:

Arma-alardeak hobeto ezagutzeko, Teófilo Guiard y Larrauriren Historia de la Noble Villa de Bilbao laneko pasarteak ekarri ditugu hona:

"El alarde, costumbre general en Bizkaya, consistía en la presentación de armas, dentro de sus respectivas localidades, por todos los naturales de la misma y en época determinada. Continuó esta antiquísima costumbre militar hasta los comienzos del siglo XIX y motivó varios acuerdos de las Juntas Generales de Guernica: lo decretado en la celebrada el 25 de Septiembre de 1597 da idea bastante de lo que por aquel entonces era el alarde y de la importancia que a tal costumbre se concedía".

"Se acordó en la dicha Junta: que todos los pueblos tuviesen lo mandado en punto a armamento y provisión de pólvora, balas y cuerda: que haya muestras o alardes en todo el Señorío el día de la Cruz de Mayo y el de San Miguel, en Septiembre, a los cuales asistirán todos los no impedidos para el manejo de las armas desde los 19 a 60 años…"

San Agustin Etxebarria udala zenean, Elorriokoetatik bereizita egiten zituen arma-erakustaldi eta alardeak. 1630ean izan zen lehen baterako alardea, hau da, elizateak hiribilduarekin bat egin zuenean.

Tokiko artxiboan bada San Agustin Etxebarrin 1597an egindako arma-erakustaldiaren berri ematen duen agiri bat.

Hiribilduko arma-alardeez aurkitu dugun lehen berria 1575ekoa da, baina lehenago ere egiten zituzten, jakina, Jaurerriko gainerako udaletan bezala.

Badirudi Elorrion bi eratako arma-erakustaldiak egin ohi zirela, gutxienenez XVI. mendetik aurrera eta XVII. mendeko urte batzuetan zehar: bata kapareek egiten zuten egun jakin batean, eta bestea auzotar eta bizilagun guztiek Jaurerria babesteko beharrezkoa zenean.

Arma-erakustaldiak jai eta prozesioetan txertatzen hasten hasi ziren. Ildo horretan, kontuan hartu behar da suak, luminariak, kanpaiak, suziriak eta bestelako argi- eta soinu-elementuak betidanik erabili izan direla horrelako uneetan. Esan dugun moduan, norbaiten edo norbaitzuen omenezko eskaintza eta gizarte-ekitaldietako une nagusietan alardeak eta eskopeta-salbak txertatu zituzten. Horrelako ospakizunak barra-barra egiten ziren: prozesioetan, jaietan, pertsonaia garrantzitsuen bisitaldietan…

Errebonbilloak

Elorrion, Durangon bezala, XVI.mendearen bukaeran edo XVII.aren hasieran sortuko zen, seguru aski, Arrosarioko Kofradia. Arrosarioko Ama Birjinaren jaia oso garrantzitsua izan da Elorrion, eta are gehiago egun nagusiko, urriaren lehen igandeko, prozesioan errebonbilloek parte hartzen zutela kontuan hartuz gero. Kalez-kale ibiltzen ziren, ohorezko salbak jaurtiz Ama Birjinaren irudia igaro ahala. Liburuetan horri buruzko inolako xehetasunik ez azaldu arren, aspaldiko ekitaldia izango da ziurrenik.

Armadunen partaidetzaren jatorriari buruzko bertsio herrikoi baten arabera, Lepantoko batailan jardundako Amandarro sendiko semeak izan ziren aitzindariak. Elorriora itzuli zirenean, herritarrak Arrosarioko Ama Birjinari eskainitako prozesioa ari ziren egiten, eta, irudia aurretik igaro zitzaienean, eskuetan zeramatzaten arkabuzka hartu eta tiroka hasi ziren haren omenez. Bada beste bertsio bat ere, aurrekoaren antzekoa baina zentzuzkoagoa agian: soldadu elorriotar haiek Kanpazarreko mendatera iritsi eta jaioterria ikusi zutenean armekin airera tiroak jaurtitzen hasi ziren, beren poza adierazteko eta bueltan zetozela jakinarazteko. Armadunen partaidetzari buruzko tradizio hori gaur egunera arte iritsi da, ahoz aho hedatu ondoren, baina ez dakigu egia den ala ez.

XIX. mendean zehar errebonbilloek herritarren artean izandako onespena begi bistakoa da, jaiaren handitasunari bere horretan eutsi baitzitzaion. Eta ezin dugu ahaztu mende hartan, hain zuzen, gerrak eta gizarte-aldaketak izan zirela nagusi eta, ondorioz, jai-giroko elementu asko bertan behera geratu zirela.

Arma-ekitaldirik bereziena 1928ekoa izan zen, elorrioko gazteek ez baitzuten parte hartu, Kofradiako liburuaren ohar baten arabera: "Este año, la fiesta del Errebombillo lo hicieron los jóvenes forasteros veraneantes, siendo capitán Don Ignacio Greaver. Trajeron por su cuenta la banda de Chistularis de Galdácano con su silbote". Ez dakigu, zergatik erabaki zuten elorriotarrek herrian hain errotuta zegoen jai hartan kanpotarrei parte hartzen uztea. Dena den, xehetasun hori eta aurreko eta ondorengo urteetan gazte boluntarioek izandako partaidetza kontuan hartuta, ondorio bat atera dezakegu: kofradiak agian soldadu-konpainia osatzeko arazoak zituela. Bestalde, ez dakigu Primo de Riveraren diktadurak eraginik izan ote zuen horretan guztian.