Jaiak eta tradizioak

Elorrio herri bizia da, dinamikoa eta modernoa, eta, aldi berean, bertako tradizioei eta herri-kulturari eusten jakin du. Gaur egun, besteak beste, jairik deigarri eta adierazgarrienak honako hauek dira: errebonbilloak, urriaren lehenengo igandean; Ferixa Nausikoak edo herriko jaiak, iraileko lehenengo igandean egiten den nekazaritza eta abeltzaintza feriarekin hasten direnak; eta Musikaire, bereziki musikari ematen zaion nazioarteko jaialdia, 1998. urteaz geroztik ekain eta uztailean ospatzen dena.

Magiaz eta kondairaz kutsaturiko ahozko tradizio zaharrenaren arabera, errebonbilloen jaiak gertaera bitxiaren oroitzapena du jatorri. 1571n Amandarro anaiak Lepantoko gerran borrokatu ondoren bueltan zetozen, eta hirian sartzen ari zirela Arrosarioko Amaren omenezko prozesioa egiten ari zirenez, berriro ere etxera itzuli zirela eskertzeko haren omenez desarratu zituzten arkabuzak. Hori, dena dela, jatorri erromantikoa baino ez da, errealitateari gehien hurbiltzen zaion jatorria, ordea, alardeen antzinako tradizioan bilatu behar dugu.

Alardeak urtero egiten ziren, eta haien xedea izaten zen gerta zitekeen gerraren aurrean zenbat gizon eta zenbat arma zeuden erabilgarri ikustea. Izan ere, une haietan gerrak (inperio turkiarraren aurka, Herbehereen aurka, Alemaniako estatu protestanteen aurka, Frantzia edo Ingalaterraren aurka) ohiko kontua ziren.

Ferixa Nausikoei dagokienez, horien jatorriaren eta izenaren zergatiaren berri jasotzeko, XVIII. mendera jo behar dugu, 1751. urtera hain zuzen; urte hartan egin baitzen Elorrion lehenengoz feria bat sei egunez (abuztuaren 27tik irailaren 1era, biak barne). Urtebete geroago, 1752an, berriro egin zen feria, baina urte horretan, irailaren 1aren osteko igandea ere barne hartuz.

Beste alde batetik, Musikairek 1998an ekin zion bideari, eta aurten XII. edizioa izango du. Nazioarteko jaialdia da, ez du egikera artistiko zehatzik (musika-taldeak, kantautoreak, koruak, dantzak, antzerkia, etab.) baina ezaugarri bat badu: auditorio gisa Elorrioko ondare aberatsa erabiltzen du, xarma eta misterio handiko aire zabaleko guneak, eta horrela, ikuskizuna, artea eta zentzumenak nahastea eta bikoiztea lortzen du. Esperientziak merezi du.

Eta ezin dugu bukatu atal hau San Balentin Berrio-Otxoaren jaia aipatu barik, elorriar ospetsu eta Bizkaiko zaindarikide honen oroimenez urtero uztailaren 4an ospatzen dena.

Hemen gaituzu, zure zain.

Elorrioko jaiak

  • Musikaire