EAEK PRESO POLITIKOEN EGOERARI BURUZ AURKEZTUTAKO MOZIOA.
Azken hogei urtetako espainiar gobernu guztiek “kartzela politika” berezi eta diskriminatzailea ezarri diete euskal preso politikoei. Une bakoitzeko izpide politikoaren arabera, oinarrizko eskubideak ukatzea izan da instrumentazio politikorako tresnarik erabiliena. Presoei dagokien osasun zainketa txantairako arma da oraindik ere.Ikasketak burutzea ia-ia miraria da presoentzat, euskarazko testuak zentsuratu, tutoreen bisitak ukatu... Tratu txar, irainak eta jipoiak eguneroko ogia bilakatu dira kartzeletan euskal preso politikoendako. Neurtezina da gizon eta emakume hauek bizi duten indefensio iraunkorra. Salaketa judizialek ez dute ezertarako balio funtzionarioen hitzek askoz ere gehiago balio dutelako epaileen aurrean. Sakabanaketa eta urruntzea, etengabeko trasladoak, preso eta senitartekoentzat zigor gehitu bat izateaz gain, aipaturiko “kartzela politika” aplikatu ahal izateko ezinbesteko duten inpunitate sistema borobiltzen duen markoa da. Bi estatuetako botere ejekutiboa, judizial eta legegileak, komunikabideen konplizitatearekin, salatzen dugun honetarako baldintza nahikoak osatzen dute. Gauzak horrela izanik, euskal gizarteak eta mota guztietako erakundeak ere, behin eta berriro aldarrikatu dute euskal presoen oinarrizko eskubide guztien errespetoa, Euskal Herriratzea barne. Horregatik, eta arazo honi justiziazko konponbidea ematearen premiaz jabeturik, Udalbatza Osoak gehiengoz, honako hau onartzea erabaki du: 1.- Presoei zein senitarteko eta lagunei ezarritako zigor ez legezkoa desagertaratzeko, sakabanaketarekin amaitu eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratzea eskatzen dugu. 2.- Presoen instrumentalizazio politikoa salatzen dugu, hau da, presoek merkadeo politikorako erabiltzea. 3.- Presoen status politikoa aplikatzea, euren militantzia politikoak eskatzen duen heineko tratua eman diezaieten. 4.- Kartzelak berak edota bestelako arrazoiek eraginda gaixorik daudenak kaleratu. 5.- Ezarritako kondenaren hiru laurdenak beteta dauzkatenak kaleratu. Baita “Doctrina Paroten” biktimak ere (kondenaren luzapen “irregularra”). 6.- Presoen inguruko gaiak tratatu eta konpontzeko, kolektiboak izendaturiko Mintzakidetza biltzea, eta bide batez, honek alderdi politiko, sindikatu eta bestelako instituzio eta eragileekin harremanak izateko eskubidea berma dezaten. 7.-Udalbatza honek, honen guztiaren defentsan, hileko azkeneko barikuan Udaletxe aurrean egiten diren kontzentrazioetara joateko deia luzatzen du, eta honez gain, “Euskal Presoak Euskal Herrira” ikurra Udaletxearen fatxada printzipalean jartzea erabakitzen du, eta ildo beretik herrikideak euren etxeetan gauza bera egitera gonbidatzen ditugu. 8.- Euskal Presoak etxetik urrun egoteak senide eta lagunei sortzen dizkien gastuak biguntzeko asmoz, Udal Aurrekontuetan diru partida mantentzea proposatzen dugu, gastu horiei aurre egiteko. Herriko presoen kopuruak eta hauen urruntasunak baldintzatuko luke partidaren zenbatekoa. Denak kalean direnean, ez da laguntza mota honen beharrik izango. 9.- Udal Batzar honek, mozio hau herritar guztiengana helarazteaz gain, komunikabideetara eta Espainiako zein Frantziako Gobernu Buruari igorriko die.
|